Trepetak

1984ko Mac-ak 5 hazbeteko diskettera izan balu…

Jatorrizko Macintoshak 3,5 hazbeteko diskette unitateekin jarri ziren salgai, baina Applek aukera ezberdinak aztertu zituen produktua irudikatzeko sasoian. Bertsioetako batek 5 hazbeteko diskettera zeraman, bere amonatxo Lisak bezalaxe.
1984ko Mac-ak 5 hazbeteko diskettera izan balu... 7 - teknopata.eus
1984ko Mac-ak 5 hazbeteko diskettera izan balu... 11 - teknopata.eus
TwiggyMac-a, oso-osorik. Argazkia: wozniac@eBay

Apple Macintosh-ak forma ezberdin ugari izan zituen Jef Raskin-ek irudikatzen zuen teklatua pantaila eta inprimagailua gailu bakar batean biltzen zituen 500 dolar inguruko kontzeptutik, 1984an zeremonia handiz  prezio boskoitzarekin aurkeztu zen azken produktura iritsi arte. Mac garapenaren garai batean, egintzat ematen zen ordenagailuak Appleren 5,25 hazbeteko Twiggy diskete unitatea eramango zuela, Mac-aren amonak ere, Lisak, huraxe erabiltzen baitzuen.

1984ko Mac-ak 5 hazbeteko diskettera izan balu... 12 - teknopata.eus
MacTwiggy, eskuman, eta ezkerrean amonatxo Lisa. Argazkia: wozniac@eBay

Twiggy unitateek 860Kb arteko kapazitate zirraragarria zuten eta, harekin batera, huts egiteko joera aparta ere bai. Kronikek diotenez, unitateon funtzionamendua hain zen eskasa ezen garatu zuten ingeniarien buruak liskarra izan zuen Steve Jobsekin, azken hori Twiggy erabiltzen jarraitzen tematuta zegoelako: “atera zure .45 eta akatu behingoz zaldi madarikatua!” esan omen zion Jobs-i, formatuaren agoniarekin amai zezan. Azkenean, halaxe egin zuten, eta jatorrizko Macintosha Sonyk egindako 3,5 hazbete eta 400Kb gordetzeko ahalmena zuten diskette ‘ez hain malguekin’ merkaturatu zen.

Tira, ba kontua da, Twiggy unitatea daraman Mac 128k prototipoa agertu dela enkantean eBayn. Abioko prezioa 99.995 dolarrekoa (76.000 euro pasatxo) dela kontuan izanda, ez dut uste erosteko moduan dagoen inor ezagutzen dudanik. Baina tira, argazki ederrak jarri dituzte gutxienez, kuriositate zientifikoa izan dezakegunontzat. eBayko enkante orrian bertan ikus ditzakezue, edo bestela honen berri jaso dudaneko Engadgeten galerian.

[via: Engadget]

4 iruzkin
  • makilakixki
    2012(e)ko apirilak 15 at 12:45

    Ez dut uste Zip unitateengandik oso urrun egongo zenik fidagarritasun ezari dagokionez. Hori bai, Zip diskak hamar urte geroago atera ziren eta 100 MB-ko kapazitatea zuten. Itzela bere garairako.

    Reply
    • joxe
      2012(e)ko apirilak 15 at 16:42

      Ni ZIP kontsumitzaile konpultsiboa izan nintzen garai batean eta ez dut aparteko arazorik gogoratzen.

      Hori bai, Giga bateko beste haien kontura (nola ziren? Jaz?) sekulakoak eta bi dauzkat entzunda..

      Reply
  • makilakixki
    2012(e)ko apirilak 15 at 17:20

    Benetako ikara genion “Heriotzaren Klika” famatuari, BSoD-aren lehengusua zena, diska unitatean sartu eta errusiar erruleta bailitzan. http://en.wikipedia.org/wiki/Click_of_death

    Reply
  • joxe
    2012(e)ko apirilak 15 at 19:17

    Nik izan nuen arazorik larriena softwarearekin izan zen: halako batean, driverren bertsio berri bat atera zuten, diskoaren edukia pasahitzez babesteko aukera ematen zuena.

    Aukera aktibatu, pasahitza ezarri… eta gero ez zen diskoa irakurtzeko modurik izan, ez pasahitza sartuta, ez sartu gabe, ez formateatuta eta ez ezer…

    Zaharrunon gauzak, ala? ;)

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.