Nabigazioa > Bloga /

| Harpidetu RSS bidez

Eee Keyboard edo Spectrumen itzulera

2009ko Urtarrilak 8 | Iruzkinik ez | Atalak: Gatxetak

Eee PCaren arrakastak ondo bete ditu Asus Taiwandarraren poltsikoak, eta badirudi bildutako diruaren zati majo bat produktu berriak asmatzen eta ‘Eee’ marka era guztietako gailuaetan jartzen gastatzen ari dela.

Egunotan Las Vegasen editen ari den CES kontsumoko elektronikaren azokan, Eee Keyboard izeneko gailuaren prototipoa erakusten ari dira Asusekoak: telebistara konektatzen den PC oso bat, teklatu baten barruan sartuta. Gogoratzen 80ko Spectrum eta Amstrad ordenagailuak? Ba antzeko zerbait, XXI. mendeko estiloaz:

  • Haririk gabeko HDMI konexioa, telebistarik modernoenekin kablerik gabe erabili ahal izateko (VGA ataka arrunta ere badu)
  • Bost hazbeteko ukimen pantaila, saguaren funtzioaz gain, sistemaren zenbait funtzio ere kontrolatzeko balio duena
  • Intel Atom N270/N330 prozesadorea
  • Giga bateko RAM memoria
  • 32 Gbko memoria solidoa
  • WiFi 802.11b/g/n
  • Bluetooth V2.0
  • Bozgorailua
  • Mikrofonoa
  • Windows XP

Hori guztia, kilo bat baino gutxiagoko pisua duen ohiko tamainako teklatu batean, urtea amaitu aurretik salgai. Hasiko gara Olentzerori lana ematen?

Asus Eee Keyboard

    Etiketak: , , | Zabildu

    Espainiatik dator notizia…

    2008ko Apirilak 9 | 3 iruzkin | Atalak: Gatxetak

    Asus EEE PC mini portatilak sortutako oldeak ez du baretzeko asmorik. Kontzeptu beraren bertsio asko ikusi ditu jadanik: Estau Batuetatik iritsi zaizkigu batzuk, beste batzuk Ingalaterra aldetik… Gaurkoan beste txikito bat aurkeztu beharrean gaude, oraingo honetan hurbilagotik datorrena eta, itxuraz, egun gutxi barru salgai egongo dena.

    Lau konfigurazio, bakoitza lau koloretanAiris enpresa espainiarrak aurkeztu berri duen Kira da ipotxen familiako azkena, eta ez du, ez, itxura txarrik (ez besteek baino txarragoa, gutxienez): zazpi hazbeteko pantaila, 1024x768ko bereizmenarekin, bozgorailuak, webcam, Giga bateko prozesagailua eta, aukeran, 2, 4 edo 40 Gigako edukiera. RAM memoriaz ere ez dabil txarto: 512 eta 1024 Mb bitarteko aukerak eskaintzen ditu Airis enpresaren gutizia berriak. Konektibitatean ere ondo samar dabil: WiFia, Ethernet portua eta modema ere badauka internetera konektatzeko.

    Hori burdinari dagokionez. Softwarean berriz, Fedora Linuxen bertsio bat darama Kirak, beren-beregi moldatutakoa, eta gazteleraz, ingelesez eta frantsesez erabil daitekeena. Bestela, 50 euroren truke, Windows XPrekin ere erosi ahal izango da. Aurrez instalatuta ekarriko du txikitoak sistema eragilea, eta, badaezpada ere, CD batean ere entregatuko da makinarekin batera, zer gerta ere.

    Kirak lau modelo ezberdin izango ditu, edukiera eta RAM memoriaren araberakoak, Airisen arabera “apirilaren erdialdetik aurrera” salgai egongo direnak, 299 eta 389 euro bitartean, BEZ barne. Hala ere garesti irudituz gero, ordenagailu egileak eskaintza berezia du bere webgunean: ordenagailuarekin batera Telefonicaren Duo 3Mb zerbitzua kontratatuz gero, txikitoa 99 eurotan eskuratzeko aukera izango da.

    Aukeratzea gero eta zailagoa, ezta?

    Etiketak: , , , , , , | Zabildu

    Badator andEeereño…

    2008ko Otsailak 6 | 2 iruzkin | Atalak: Gatxetak

    Ustekabe gozo horietako bat hartu nuen atzo, irratian entzun nuenean  Ikastolen Elkartea azken ukituak ematen dabilkion Ikasys proiektuaren berri. Labur esanda, (informazio zehatza haien webgunean aurkituko duzue) ikasle bakoitzari norbere erritmoan, baina irakaslearen zaintzapean trebatzen joateko aukera ematen duen sistema informatikoa da Ikasys. Horretarako, aplikazio informatiko multzo bat dago,  batetik; eta Ikasbook izena jarri dioten ordenagailu berezia, bestetik: txikia, arina, eta umeek erraz erabiltzeko modukoa.  Zortzi urte omen daramate proiektua osatzeko lanetan, eta aurten, udaberri partean hasiko dira benetako ikastaldeetan probak egiten.

    Ustekabe gozoa izan zela esan dut hasieran: ustekabea, haren berririk sekula entzun barik nengoelako. Gozoa, batez ere, bi arrazoirengatik:

    Oso proiektu berritzailea iruditu zitzaidalako. Irratiko azalpenen arabera, ez omen dago antzekorik munduan, eta ideia oso ‘esportagarria’ iruditzen zait. Euskal Herritik, eta komunitate euskaldunetik, mundu globalizatuari ekarpen baliagarriak egin ahal zaizkion froga garbia. Horretaz ibili ginen hizketan aurrekoan irratia.com-era gonbidatu nindutenean, eta uste dut Ikasysen kontu hau dela euskaldunok egin ahal dugun ekarpenaren adibide ederra.

    Ikasbook = EeePCBigarren arrazoia ere Radio Euskadiko Graffiti saioko elkarrizketa entzutean aurkitu nuen. Emakumezko bat ibili zen azalpenak ematen (barkatu, ez dut izena gogoratzen) eta, hasierako momentutik nire jakinmina piztu zuen Ikasbook delako ordenagailuaz galdetuta, argi esan zuen software partea web nabigatzaile bidez erabiltzen dela, eta beraz sistema edozein makinatan erabil daitekeela, baina hala ere, momentuz Asus enpresa taiwandarrarekin zeukatela hitzartuta probaldirako makineriaz hornitzea, txikia, merkea eta erabiltzen erraza zen makinekin.

    Momentu hartan beran, nire teknopata senak esan zidan Ikasbook delakoa, ezustekoak ezuste, beharbada ez zela hain ezezaguna izango. Eta hara, susmoak berretsi egin ditut gaur goizean, tramankuluaren itxura ikusi dudanean. Hor eskuman ikus dezakezuen hori da. Irratia.com-eko saio hartan Jabik aipatu zidan, eta Applerena ez izateko, maila arriskutsuetan ere maiteminduta naukan Eee-PC ultra-eramangarria.

    Eta enpin, handik aurrera, burua joaten hasi zait apur bat. Imaginatzen duzue proiektuak arrakasta duela (hala bedi!), eta hemendik bost urtera ikastola guztietako umeak dabiltzala halako bat besapean hara eta hona? Edo, are hobeto: EeePC horien ordez, OLPCen erosketa masiboa egiten dutela ikastolek, eta haiei esker hirugarren munduko beste ez dakit zenbat ume ere hasten direla sistema berberarekin ikasten?

    Ados, ados… lotara noa!

    Etiketak: , , , , | Zabildu
    Itxi
    Bidali postaz
    Itxi
    Bidali postaz