Kontaktua
Aupa! Joxe Rojas naiz, 1971ko azaroan jaio nintzen Gurutzetako ospitalean, Bizkaian. Gurasoak Malagako herrixka txiki batekoak ditut, Jubriquekoak. Hala ere, euskarak izugarrizko jakinmina sortu dit txiki-txikitatik eta tira, konturatu orduko eskolak ematen nengoen Bolintxu AEK Euskaltegian, Unibertsitatean Kazetaritza ikasten nuen bitartean. Hamar urte pasatu nituen bertan, harik eta egun batean nekatu eta beste zerbaiten bila hasi nintzen arte.
Duela hiru bat urtetik Topagunean nabil lanean, Hedabide Saileko sustatzaile (ofizioz kazetaria naiz). Lehenago beste hamaika lanetan ere ibilia naiz: itzultzaile ARTEZ Euskara Zerbitzuan, koordinatzaile Arrigorriagako Artandape aldizkarian, itzultzaile neure kabuz, erredaktore Aizu! aldizkarian… Gaur egun ere kolaboratzaile gisa nabil zenbait hedabidetan: Aizu! aldizkarian, Bilbo Hiria Irratian, Gaur8 astekarian… eta orain Euskadi Irratian ere bai!
Gauza da argi koloretsuak eta botoiak dituzten trasteek txiki-txikitatik erakarri nautela (hortik teknopatarena) eta, enfin, hementxe nago, blogosferan gora eta behera. Zeozertarako behar banauzu, erabili beheko formularioa nirekin harremanetan jartzeko, ados?

