Palmen azken aukera, bihar bertan

Palmen azken aukera, bihar bertan 1 - teknopata.eus

Palm III, nire lehenengo PDA

Nire lehenengo PDA Palm III bat izan zen, duela hamar urte erositakoa. Garai hartan, zuri-beltzezko LCD pantaila, bi megako memoria, hilabete irauten zuen pila parea eta artxiboak trukatzeko IR portua nahikoa ziren agenda elektroniko baten zereginetarako. Applek Newtonekin izandako porrotaren ondoren, Palm jaun eta jabe zen poltsikoko ordenagailuen esparruan.

Halaxe jarraitu du urte askoan, halako batean iparra galdu zuen arte: 3Com enpresaren parte zenak izaera propioa hartu zuen, gero bitan zatitu zen, hardware eta software atalak bereizteko. Softwareaz arduratzen zen atala sistema eragilea eguneratzeko ahaleginetan hasi zen, eta hor hasi zen gainbehera. Palm OS 5 zaharkituaren ordezkoa izateaz gain, multimedia esparruan goraka zihoan Windows Mobileri aurre egin behar zion Palm OS 6 oso berandu iritsi zen, lizentzia politika zurrunegiarekin, eta Palm hardware egileak ere ez zuen bereganatu. Software atala zenbaki gorritan geratu zen, eta Japoniako enpresa batek erosi zuen, Access izenekoak, sistema berria zerotik hasita eta Linuxen oinarrituta egin behar zuena. Horrek ere ez zuen behar bezala amaitu… eta bitartea, Windows Mobile ez ezik, beste hamaika lehiakide agertu dira gailu eramangarrien munduan: Symbian, Blackberry, iPhone, Android… Ondorioz, garai batean jaun eta jabe zen Palm horrek lidergoa galdu eta anekdota hutsa izatera pasatu da oso denbora gutxian, hardware atalean ere egin dituen zenbait akatsen laguntzaz.

Palmen gonbidapena, VIPentzat soilik

Urte pare bat daramate Palmekoek esaten ahalegin handiak egiten ari direla zulotik atera eta burua altxatu ahal izateko, baina orain arteko guztiak hutsaren hurrengoak izan dira. Bihar, urtarrilaren 9an, aurkezpen bat egin behar omen dute Las Vegaseko CES elektronika azokan. Batzuek aurreratu dutenez, litekeena da bihar Palm OS berriaren hirugarren saiakera aurkeztea, eta harekin batera, sistema berriarekin dabiltzan lehenengo gailuak. Badirudi berrikuntza handi bat aurkeztu nahi dutela, eta hori dela eta, hilabete baino gehiago daramate gonbidapen bereziak bidaltzen teknologiaren munduko zenbait VIPi. Merkatua dagoen moduan, biharkoa azken aukera da Palmek zerbait benetan erakargarria aurkeztu eta tartaren zatitxo bat eskuratzeko, edo bestela sekula betiko desagertzeko.

Adi egon beharko ba, ea zer den biharko berrikuntza handi hori…

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.