Teknopataren ajeak

Internet nahi erara-edo

Estatu Batuetako FCC agentziak interneteko araudi berria onartu du. Sarearen 'irekitasuna' defendatzearen aitzakian, bide ematen die zerbitzu hornitzaileei bi abiadurako sarea sortzeko, eta erabiltzaileoi erabili nahi ditugun zerbitzuen arabera kobratzeko. Bide horrek aurrera eginez gero, gaur egun ezagutzen dugun sarearen amaiera izango litzateke.
Internet nahi erara-edo 7 - teknopata.eus
FCC logoa, HDMI kable baten kutxan
FCC logoa, HDMI kable baten kutxan

Jakingo duzuenez, Estatu Batuetan bada FCC deritzon agentzia bat (Federal Communications Commission, edo Komunikazio Batzorde Federala). Besteak beste, komunikazio estandarrak arautu eta betearaztera dedikatzen dena. Estatu Batuetan ez dago trepetatxo ziztrin bat ere saltzerik, lehenago FCC horren oniritzia jaso ezean. Eta, gure ekonomia globalizatu horretan, horrek esan nahi du gurean ere gailu gutxi ikusiko ditugula FCCren azterketa sakona pasatu ez duenik. Fijatu zuen inguruan, behin baino gehiagotan ikusiko zenuten FCCren logoa, sakelako, ordenagailu eta abarretan zein kargagailu txikietan. Gailuez gain FCCk komunikazio zerbitzuak ere arautzen ditu: telefonia, internet eta eduki hornitzaileek bete behar dituzten arauak, besteak beste “estabatuar guztiek internet konexio ireki eta sendoa izan dezaten bermatzeko”.

Internet irekia

Bada, joan den astean, FCC horrek “internet irekia babesteko arau multzoa” onartu du, mugimendu orwelliar samar batean, eta goitik behera eralda lezake interneten izaera. Ipuin luzea da, baina saiatuko naiz labur kontatzen (bueno, nire ingeles kaskarrean ulertu dudan arte behintzat).

2010ean, sarearen neutraltasuna arautu nahian, FCCk “Open Internet Order” delakoa argitaratu zuen, internet irekiaren inguruko agindua. Internet zerbitzu emaleei zuzendutako aginduak, besteak beste, hiru arau nagusi ditu:

  • Gardentasuna: bezeroek eskubidea dute kontratatutako konexioaren xehetasun teknikoak ezagutzeko.
  • Blokeorik ez: bezeroek eskubidea dute legezko datu-trafikoa jaso eta bidaltzeko. Debekatuta dago zerbitzu emaleek legezkoa den edozein eduki, aplikazio edo kaltegarria ez den gailurik blokeatzea.
  • Baldintza berdinak izateko eskubidea. Bezero guztiak (norbanako erabiltzaileek eta enpresa zerbitzu/eduki hornitzaileek) eskubidea dute sarea baldintza berdintsuetan erabiltzeko. Espresuki debekatzen da lehentasunaren araberako tarifak ezartzea, edo eduki/bezero batzuei ‘errei azkarragoak’ eskaintzea beste batzuei baino.

Verizonen hordagoa

Araudiak aurrera eginez gero, laster horrelakoak izan daitezke internet tarifak: oinarrizko konexio kuotaaz gain, tarifa gehigarriak erabili nahi ditugun zerbitzuen arabera. (Egin klik handiago ikusteko). (Irudia: The Huffington Post).
Araudiak aurrera eginez gero, laster horrelakoak izan daitezke internet tarifak: oinarrizko konexio kuotaaz gain, tarifa gehigarriak erabili nahi ditugun zerbitzuen arabera. (Egin klik handiago ikusteko). (Irudia: The Huffington Post).

Aginduak hazkura handia eragin zien internet zerbitzu emaleei, eta AEBetako handienetako batek, Verizonek, hordagoa bota zuen. Berak bezeroei eskaintzen diena ‘informazioa’ dela, ez komunikazio zerbitzu hutsa, eta beraz, eskubide osoa duela erabaki editorialak hartzeko: erabakitzeko, beste edozein hedabidek bezala, zein eduki eskaini bere bezeroei, eta zein ez, noski. Epaitegietara eraman zuen FCC, argudio horiek eta adierazpen askatasuna arautzen duten AEBetako Konstituzioaren lehen eta bosgarren zuzenketak eskuan hartuta… eta epaileek arrazoia eman zioten. Apelazio Epaitegiak ebatzi zuen FCCren arauak Verizonen eta beste zerbitzu emaleen adierazpen askatasuna urratzen zuela, eta enkargua egin zion FCCri araua berriz idazteko.

Eta horrela, maiatzaren 15ean onartu duen arau berrian, FCCk mantentzen du zerbitzu emaleek ezin dutela eduki edo zerbitzurik blokeatu baina, lehen ez bezala, aukera zabaltzen du operadoreek lehentasunezko kanalak ireki ditzaten, haien interesen araberako eduki eta zerbitzuei lehentasuna emateko. Eta ez hori soilik: gainera, baimena ematen die norbanako bezeroei ere lehentasunezko ‘garraio’ horren kostuaren zati bat ezartzeko.

Hau da, agindu berriak aurrera eginez gero, internet emaleek eskubidea izango dute trafiko gehiago sortzen duten eduki hornitzaileei gehiago kobratzeko (Netflix eta antzeko zerbitzuei, esaterako), eta norbanako bezeroei ere erabiltzen dituzten zerbitzuen arabera kobratzeko. Ordainpeko telebistarekin gertatzen den bezala, beraz laster gerta liteke internautok konexio ‘pakete’ ezberdinak ordaindu behar izatea, erabili nahi ditugun zerbitzuen arabera. Sare zerbitzua eduki jakin batzuekin lotuta erosi beharko genuke beraz, eta ez orain bezala, sareko sarbidea ordaindu eta hortik aurrera nahi dugun webgunean sartu. Akabo, beraz, sarearen neutraltasuna.

Hori txarra litzateke internet sarbidea askoz garestiago eta nahi duguna hautatzeko aukerarik gabe jasoko genukeen norbanakoontzako, baina enpresa askorentzat ere hondamendia ekarriko luke. Gaur egun oso handi egin diren Google, Amazon edo Facebook bezalako enpresak sareko neutraltasun horri esker hazi dira. Aurreikusten den eredu berrian ezinezkoa litzateke jaio berri den enpresa txiki batek irismen masiboa lortzea, hasieran nekez ordainduko baitute interneteko ‘errai azkarreko’ bidesaria.

Interes gurutzatuak

FCCk onartu duen arau berria ez da azken pausua:oraindik lau hilabeteko epea dago proiektuari ekarpenak egin eta araudia indarrean sartu arte, eta aurreikusten denez, gorabehera handiak izango dira tartean. Azken erremedio moduan, FCCk proposa lezake interneteko sarbidea ‘utility’ edo oinarrizko zerbitzu izendatzea, baina horrek estatuaren interbentzio eta arautze maila handia ekarriko luke ondorio gisa… eta estatuaren esku-hartzea ez da oso gogoko kontua Estatu Batuetan.

Edonola ere, gutxienez hiru interes-talde handi ikusten dira auzi honetan, eta hirurak ere indartsu samarrak. Zaila izango da oreka topatzea:

  • Internet hornitzaileak beraiek: bi abiadurako sarearen alde egingo dute argi eta garbi, horrek diru-sarrerak ekarriko dizkielako.
  • Teknologia enpresa ‘klasikoak’: Microsoft, Apple, Google, Amazon… horien guztien jarrera da sareko neutraltasunari esker garatu ahal izan direla, eta konexio ona izateko bidesari gehigarriak ezartzeak  etorkizunean antzeko arrakasta kasuak gertatzea eragotziko lukeela. Gogor egiten ari dira bi abiadurako sarearen kontra.
  • Eduki enpresak: zinema eta musika ekoizle eta banatzaileak bidesari berrien alde daude, horrek pirateoa ekidin eta haien edukien truke sarrera gehiago lortzen lagunduko dielakoan. Gainera, alorreko enpresa asko lehen multzoko enpresen jabetzakoak dira, eta, noski, ez dute jabearen aurka egingo…

Europan ere, eztabaida puri-purian

Europan ere, sarearen neutraltasunaren inguruko eztabaida puri-purian dago, eta duela oso gutxi, apirilaren 4an onartu zuen Legebiltzarrak proposamen bat ‘roaming’ tarifak desagerrarazi eta sarearen neutraltasunaren alde eginez. Telefonia eta sare operadoreak, hala ere, aspaldi hasi ziren neutraltasunaren kontra presionatzen: Telefonicako presidente Cesar Aliertak aspaldi esan zuen Bilbon ez zela zilegi Googlek eta beste enpresa batzuek etekinak lortzea operadoreek haien poltsikotik ordaindutako azpiegiturei esker, eta hori aldatu egingo dela.

Ikusteko dago noraino eragiteko gaitasuna izango duten zerbitzu hornitzaileek Europan, baina argi dago AEBetan FCCk onartu dituen terminoak onartu izana ez dela batere aurrekari ona. Adi egon beharko, ea kontu honek zer bide egiten duen.

  • Bitacoras.com
    2014(e)ko maiatzak 26 at 22:18

    Información Bitacoras.com

    Valora en Bitacoras.com: FCC logoa, HDMI kable baten kutxan Jakingo duzuenez, Estatu Batuetan bada FCC deritzon agentzia bat (Federal Communications Commission, edo Komunikazio Batzorde Federala). Besteak beste, komunikazio estandarrak arautu eta bet..…

    Reply
  • […] Internet nahi erara-edo (2014/05/26) […]

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.