Blogosfera

Agur, nick, eta eskerrik asko!!! (1/2)

Nick dut Nik lan taldearen zati bat Buber sarietan

Lokaleroen sari banaketa gala eta bideoklip multzo baten artean, halaxe bukatu da ETBn hiru urteko ibilbidea izan duen Nick dut Nik saioa, Factoría Crossmediaren arima diren Rubén Sánchez eta Cristina Fernándezen ausarditik (edo inkonzientzia puntutik) sortutako proiektua. Zorionez, saioan parte hartze zuzena izan ahal izan dut hasieratik azkenera arte, eta bueno, horrelakoetan egin ohi denez, aukera aprobetxatu nahi nuke Cris eta Rubeni eskerrak eman eta saioaren inguruko hainbat ideia pasadaz bada ere aipatzeko.

Nick dut Nik lan taldearen zati bat Buber sarietan
Saioko lan taldearen zati handi bat, Buber saria jaso ostean tontoarena egiten: Ruben Sanchez (zuzendaria), lehen planoan, eta ezkerretik hasita Eraitz Loiti (errealizadorea), Emma Marin (erredaktore ohia), Cristina Fernandez (produktorea), ni neu (gidoilaria), Haritz Rodriguez (chicoparatodo!), Arantza Garces (aurkezlea) eta Libe Lombraña (erredaktorea). Falta dira: Urtzi Gartzia eta Iker Bengotxea (off ahotsak), Sara Gandara (erredaktorea, off ahotsa) Dabid Leon (errealizadorea) eta Garazi Rodriguez (errealizadore ohia)

Ausardia puntu hori

2008aren erdialdera izango nuen Ruben eta Crisen berri lehen aldiz: lostinbilbao.tv egiten hasi zirenean. Laneko kontuak tarteko, aurrez aurre ezagutzeko aukera ere izan nuen. Orduantxe jakin nuen Ruben berez katalana zela, euskaraz ez zekiela, baina hala ere ahalegina egiten zuela sarean egiten ari zena euskaraz ere izan zedin. Halaxe ezagutu gneuen lostinbilbao webtelebista: saioak erdaraz eta euskaraz grabatzen zituzten, ordura arte gure artean erabat berria zen irudi eta estiloarekin. Ez dut erreferentziak aurkitu, baina ondo gogoan dut hasi zirenean halako misterio moduko bat zabaldu zela internauta euskaldunon artean, bat baino gehiago ibili ginen “baina nortzuk dira hauek!?!” galdezka. Endogamiaren ajeak! ;)

2009ko hasieran, Rubenen dei bat jaso nuen: jaio berria zen ETB3n proiektu bat aurkeztu behar zutela, eta nire iritzia jakin nahi zutela. Offeko ahotsak egiteko lagun bat ere nahi zutela, eta proba bat egin nahi zidatela horretarako. Internet eta IKTen inguruko saio dibulgatibo bat egin nahi zuten, eta sareko euskal esparruan (euskaraz zein gazteleraz) mugitzen den jendearen berri eman. Bi arazo handi zituzten: euskaraz ez zekiten apenas… eta interneteko euskal komunitatea oso azaletik ezagutzen zuten. Lan taldea kontu handiz osatu behar zuten hori gainditu ahal izateko.

Handik egun gutxi batzuetara, berriz ere deitu zidaten: ETB3k argi berdea emanda ziola proiektuari, edukiak ekoizten hasi behar zuten, eta nire kontaktua zutenez ba elkarrizketa egin nahi zidatela, bi edo hirugarren saioan ateratzeko. Berriz ere haiengana hurbildu eta, konturatu orduko, elkarrizketa eginda bai… baina saioko gidoilari izendapena ere banuen. Gogoratzen dut saiakera bat egin genuela Iturri jauna lan horretarako ‘engainatzen’… baina laster eman zizkigun kalabazak! :)

Argiak, kamera… ekin!

Saioa prestatzen hasi bezain pronto, beste laguntxo bat agertu zen tartean: nire barruko taliban txikia. Asaldatuta zegoen gaixoa: euskarazko saio bat egin behar genuela euskaldun osorik ez zuen lantalde batekin, proposatzen ziren elkarrizketatu eta gaietako askotan ere euskaldunik ez zegoela… Ruben-ek ordea, nahiko eskema garbia zekarren buruan. Hitz batean laburbildu zitekeen: naturaltasuna. Saioaren hizkuntza euskara zen, baina gonbidatuek euskaraz ez bazekiten, azpitituluak erabilita konpondu eta aurrera. Hizkuntzaren auzia ezin zen drama bat izan, eta saioak errealitatea islatu behar zuen. Talibantxoa ez zen oso konforme geratu, baina planteamenduari aukera bat ematea erabaki zuen.

Perspektiban ikusita, lehen denboraldia aurrera atera izana mirakulutik oso gertu egon zen. Lantalde “finkoa” Ruben, eta Crisekin batera, Garazi Rodriguezek osatzen zuen, eta horiekin batera hiru ‘satelite’ genbiltzan: Arantza Garces aurkezlea, Urtzi Gartzia lokutorea eta ni neu gidoilari eta zuzentzaile lanetan. Factoria barruko taldeak beste lan batzuekin uztartu behar zuen saioaren ekoizpena, eta Arantzak, Urtzik eta hirurok ere, berdintsu: gure eguneroko lanetatik aparteko orduetan ibiltzen ginen lanean. Testuak idazten -eta zuzentzen!- gaueko ordu txikietan,saioak editatu eta ETBra garaiz eraman ahal izateko gaupasa osoak egiten, grabazioak asteburuetan egiten, edukiak aukeratzeko bilerak ere desordutan egiten… Lo ordu asko kendu zizkigun lehen denboraldiak, eta lehen saiotik bertatik ikusi zen emaitzak asko zuela hobetzeko.

Recording in Getxo, nickdutnik
Ruben larruzko txuparekin grabatzen Getxon. Arantza manga motzean…

Baina kontzeptu orokorrak oso harrera ona izan zuen hasieratik. Crisek, Rubenek eta Garazik mimo handia jarri zuten elkarrizketak grabatu eta editatzean, eta besteok ere ahaleginak eta bi egin genituen emaitza ahal bezain borobila izateko. Ikusita daukat, esaterako, Arantza kale gorrian grabatzen, hotzak akabatuta eta txakur bat inguruan berari zaunka, eta hala ere batere keinu arrarorik egin gabe.

Eta, jakina, elkarrizketatuek beraiek ere besoak zabalik hartu zuten lantaldea. Editatzean jarritako mimo guztia alferrik zatekeen elkarrizketatuon jarrera bestelakoa izan balitz. Euskaldunen artean Pernan Goñi, Markos Gimeno, Mikel Iturbe, Goio Telletxea eta Ana Malagón, Igor Leturia, Benito Fiz, Maite Goñi, Gorka Julio, Marko Txopitea, librezaleko lagunak, Dabid Martinez eta Joseba Martos… pilo bat ate jo genituen, eta guzti-guztiak ireki zenizkiguten gustu handiz. Baldintza horietan, normala da azken emaitza goxo-goxoa izatea.

Eta talibantxoa?

Nire harridurarako, hizkuntzaren trataera ‘naturalak’ nahiko ondo funtzionatu zuen. Are gehiago: proiektu ‘euskaldunen’ ordezkariak gazteleraz agertzeak balio izan du batzuetan hizkuntz irizpideen inguruko eztabaida sustatzeko, eta eduki nagusiak euskaraz izateak Nick dut Nik-ek bere ‘fansub’ kasu puntualak ere izatea ekarri zuen hasieran. Niri neuri behintzat oso pozgarria iruditu zitzaidan euskaraz sortutako eduki bat erdaldunen artean halako interesa piztea…

(jarraituko du!!)

5 iruzkin

  • Bitacoras.com
    2012(e)ko apirilak 5 at 17:46

    Información Bitacoras.com…

    Valora en Bitacoras.com: Lokaleroen sari banaketa gala eta bideoklip multzo baten artean, halaxe bukatu da ETBn hiru urteko ibilbidea izan duen Nick dut Nik saioa, Factoría Crossmediaren arima diren Rubén Sánchez eta Cristina Fernándezen ausardit……

    Reply
  • Izaskun
    2012(e)ko apirilak 5 at 18:11

    Ez daukazue meritu gutxi!
    Programa eredugarria eta berritzailea. Pena ETB-ek ez horrela ikustea…
    Muxu haundi bat taldeari (eta batez ere Joxe eta Rubeni ;) eta zorte on abentura berrietan x

    Reply
  • joxe
    2012(e)ko apirilak 5 at 18:23

    Eskerrik asko Izaskun! ETBn kontua ez da saioaren inguruko zalantzak izatea, baizik eta lehentasunak une honetan beste nonbait dituztela. Rubenek oso ondo azaldu dio Berriako Urtzi Urkizuri

    Reply
  • bertol
    2012(e)ko apirilak 6 at 01:05

    Pena :( Gustokoa nuen saioa, batzuetan internet bidez eta besteetan zuzenean ikusi izan dut.

    Zorionak egindako lan guztiagatik eta formatu berriekin ausartzeagatik.

    Azkenaldian ETB ez dabiltza oso fin zenbait saio kenduz … ez dakit zeintzuk izango diren beraien lehentasunak baina oraingoan behintzat kale; kar kar …

    Reply
  • Iturri
    2012(e)ko apirilak 6 at 01:18

    Oso lan ona egin duzue. Pena amaitu dela, baina milenarismoak horrelako gauzak ditu.

    Gogoan dut bai proposamen hura. Ez nuen zuen lana hobetuko nipadios! Telebista zer den ez nekien eta traba baino ez nuen egingo, Joxe. Uste dut ez nuela jakin hori behar den bezala adierazten. Eta horregatik gaur gurutziltzatuko naiz ;-)

    Reply
  • joxe
    2012(e)ko apirilak 10 at 23:17

    Lasai Iturri, oso ondo azaldu zenuen bere garaian, ez gurutzilkatu, nahikoa penintentzia daukagu-ta bestela ere :)

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.