Twidroyd debekatuaTwitter eskuko telefonotik erabiltzen dugunotako askok ezusteko ederra hartu genuen atzo arratsaldean. Izan ere, erabilera baldintzak urratu izana leporatuta, Twitterrek hainbat aplikazio blokeatu zituen, tartean Android erabiltzaileontzako ia-ia ‘estandarra’ den Twidroyd ezaguna. Harekin batera iPhone eta Blackberryrako UberTwitter eta iPhonerako UberCurrent ere blokeatu ditu Twitterrek.

Microblogging plataformako arduradunek diotenez, horrelako aplikazio blokeoak ohikoak izaten dira segurtasun edo baimen kontuak direla medio, baina oraingoa larriagoa izan da, blokeak erabiltzaile pilo bati eragin diolako. Twitterrek dioenez, hiru aplikazioek segurtasun arazoak eta plataforma erabiltzeko hainbat gidalerro urratu omen dituzte, besteak beste:

  • pribatutasun arazoak 140 karaktere baino gehiagoko mezu pribatuekin
  • aldaketak erabiltzaileek sortutako edukietan dirua irabazteko asmoz
  • twitter marka erabiltzeko baimenen urraketak

Beste ezer gutxi aurkitu dut hor zehar kontu honen inguruan, baina esango nuke, Twidroyd-i dagokionez, 5.0 bertsio berrian mezu luzeegiak tmi.me zerbitzua erabiliz automatikoki laburtzeko aukera gehitu izanak ekarri duela arazo nagusia. Erabiltzaileen arteko mezu zuzenak twitter ez den plataforma batetik prozesatuz gero, mezu horien pribatutasuna ezbaian geratzen da, eta seguruenik hori izango da Twidroyd blokeatzeko arrazoi nagusia. Mezu luzeak laburtzeko aukera hori defektuz gaituta dator Twidroyd 5.0 bertsioan.

Badirudi arazoa behin-behinekoa dela, eta Twidroydeko jendeak dagoeneko esana du laster egongo dela eskuragarri arazoak konpontzen dituen bertsio berri bat. (Arazo larria izango lukete bestela, kontuan izanda erabiltzaile askok aplikazioa ordaindu egin dugula).

Bien bitartean, Twitterek bere aplikazio ofiziala erabiltzeko aukera eskaini digu kaltetuoi. Eta horregatik bada jokaldi hau guztia aplikazio horren erabilera areagotzeko maniobra bat besterik ez dela pentsatzen duenik…

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.