Estresa neurtzeko EsQmuturrekoa

Seguru nago, deeeeenok ezagutzen dugu baten bat beti estresak jota dagoen kontuarekin negar eta negar dabilena. (Ze demontre, aitortu behar dut ni neu ere kasta horretakoa naizela).

Estresa neurtzeko EsQmuturrekoa 1 - teknopata.eus

Bueno, ba zure lagun ustez estresatuak aspertuta baldin bazaitu, orain teknologiak eskaintzen dizu ustezko estreseko kopla horiekin bukatzeko modua. Zure laguna penak kontatzen hasten denean, jarriozu Q Sensor eskumuturrekoa. Inbentotxo honek izerditan hasi behar dugunean azalean sortzen den konduktibitatea neurtu eta haren araberako kolorea hartzen du, jantzita daramana benetan larri edo beste barik itxurak egiten ari den azalduz.

Estresa neurtzeko EsQmuturrekoa 2 - teknopata.eus

Emma Garcia oso kezkatuta dago asmakizunarekin, konkursanteen bizitzak hondatzeko txolloa bukatuko ote zaion

Bai jaun-andreok, Q Sensorren egileek diotenez, estresak, nerbioek edo antsietateak jota gabiltzanean, azala izerditan hasteko prestatu ohi da. Ondorioz, haren hezetasun maila areagotu egiten da eta, beraz, elektrizitateari errazago uzten dio pasatzen. Txarto ulertu ez badut, fenomeno horri konduktibitatea deitzen zaio. Konduktibitate maila hori elektrodo txikien bidez neurtuta, EsQmuturrekoak jakin dezake subjektua urduri dagoen ala ez, eta urduritasuna hasten denean seinale bat igorri (kolore aldaketa, argitxoa edo dena delakoa).

Eguneroko bizimodurako ez dirudi oso erabilgarria denik, baina asmatzaileek diote sekulako aurrerapausua izan daitekeela, esaterako, antsietatea ahoz adierazteko gaitasunik ez duten pertsona autisten kasuan, bide eman baitezake nerbio krisialdiak aurreikusi eta berandu baino lehen saihesteko.

Gehiago jakin nahi baduzue, hemen eta hemen duzue informazio gehiago, Shakespeareren hizkuntz zaharrean.

2 Comments

  1. makilakixki 2010(e)ko abenduak 19
  2. joxe 2010(e)ko abenduak 20

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.