bederatzi@2009: herria mintzatu da!
237 teknopatok hartu duzue parte bederatzi@2009 bozketan eta 690 bozka utzi dituzue guztira. Lehenengo eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuet guzti-guztioi, jolas honetan parte hartzeagatik.
Hautagaiei, berriz, zorionak. Sarean oso erraz agertzen eta desagertzen dira proiektuak, eta urtea amaitzean baten bat norberak egindakoarekin gogoratze hutsak ere sekulako meritua du. Ea aurten ere 2009an bezainbeste proiektu berri sortzen ditugun euskaraz!
2009ko bederatzi aukeratuak ondoko hauek dira. Zorionak ber bi guztioi eta segi horrela!

Taupada
Euskaldunen arima elektronikoak pizten, house saioak euskaraz bizi ahal izateko ekinean dabilen kolektiboak lortu du bederatzi onenen artean lehendabiziko postua.
Jasotako bozkak: 71 (parte hartzaileen %30)

NickdutNik
Factoria Crossmediak ETB3rako ekoitzitako web kulturaren inguruko saioa bigarren postuan geratu da egun askotan jaun eta jabe izan ostean.
Jasotako bozkak: 64 (parte hartzaileen %27)

AnHitz
Hirugarren postua denbora asko bigarrenean eman duen AnHitz proiektua izan da, Euskararentzako hainbat hizkuntz teknologiaren erakusgarria (ahotsaren sorkuntza, ahotsaren ezagutza, galderen erantzutea, bilaketa eleanitza, itzultzaile automatikoa…), nazioartean saritua izan dena.
Jasotako bozkak: 60 (parte hartzaileen %25)

Xuxen Bizkaieraz
Zerrendako laugarren posizioa Labayru Ikastegiak, Elekak eta EHUko IXA ikerketa-taldeak garatu duten Xuxen zuzentzaile ortografikoaren bizkaierazko ediziorako izan da. Akabo ortografia arazoak!
Jasotako bozkak: 55 (parte hartzaileen %23)

EuskalMapa.com
Bosgarren lekuan EuskalMapa geratu da, OpenStreetMaps kartografia sistema librearen inguruko euskarazko bloga.
Jasotako bozkak: 52 (parte hartzaileen %22)

Hitzokei
Internautok auzolanean asmatutako hitz berrien bildumak seigarren postua lortu du. Badirudi sormenak ere baduela txokotxo bat sarean, ezta?
Jasotako bozkak: 47 (parte hartzaileen %20)

GrebaOrokorra.info eta ZuZeu.com
Zazpigarren postuan berdinketa izan dugu (urtero izaten da horrelakoren bat). Kazetaritzarekin lotutako bi proiektuk konpartitzen dute ohorea.
Jasotako bozkak: 42 (parte hartzaileen %18)

Gipuzkoako argazki zaharrak lizentzia libreaz
Zortzigarren postuan erakunde publikoek sustatutako ekimen bat aurkitu dugu lehen aldiz. Gauzak hobetzen ari diren seinale?
Jasotako bozkak: 36 (parte hartzaileen %15)

Tokiko.tv
Zerrenda ixteko ardura, azkenik, tokiko telebisten elkarteak sortutako internet bidezko kanalari egokitu zaio. Zoriona hauei ere bai!
Jasotako bozkak: 42 (parte hartzaileen %18)
Horraino lehen bederatziek osatutako zerrenda, baina hautagai gehiago ere baziren, eta denek izan dute bozkaren bat edo beste. Lehen bozketa zegoen orrian aurkituko duzue orain emaitzen zerrenda osoa.
Bide batez, teklatu berdea irabazteko asmoa adierazi duzuenon arteko zozketa aste honetan bertan egingo dut… baina ez zait bururatzen nola! Iradokizunik?



Zorionak guztioi,
egia esan behar badut TAUPADA ez nuen ezagutzen baina ez du itxura txarra.
NickdutNik argi neukan lehen postuetan geldituko zela, oso ideia ona iruditzen baitzait; badago horrelakorik beste telebista kateetan? Nik behintzat ez dut ezagutzen.
Sorpresa jaso dut EuskalMaparekin, uste nuen lehen hiru postuetan azalduko zuela, baina beno herriak horrela bozkatu badu zerbaitengatik izango da.
Berriro ere Zorionik beroenak guztiei eta baita zuri ere Teknopata; horrelako gauzak aurrera ateratzeagatik