Apliak

Android Keypro driver… edo urrutiko intxaurrak

Poz-pozik nago Windows Mobiletik Android-era egindako jauziarekin, nire HTC Hero oso makina konpetentea da, eta Android 1.5 ere ez dago batere txarto. Hala ere, dena esan behar baita, badago alderdi ilun bat, Androiden bertiso berria nire terminalera noiz iritsiko zain egotera bultzatzen nauena. Seguru nago antzeko gailua darabilzuenok honezkero ondo dakizuela zertaz ari naizen: Bluetooth euskarriaz, alegia.

Teklatu tolesgarriaFaltan botatzen dut Windows Mobilerekin telefonoko audioa kotxeko irratian entzuteaz gain, MP3 pisten izenak, edo urrutiko kontrola egin ahal izateko aukera. Androidek bluetooth bidezko audio streaminga egiten uzten dit, baina horretara mugatzen da… Sekulako atzerapausua da ere artxiboak eta kontaktuak Bluetooth bidez trukatzeko aukerarik ez izatea… baina gehien izorratzen nauena lehengo telefonoarekin jo & su erabiltzen nuen teklatu tolesgarria erabili ezinik egotea da. Oso-oso-oso-oso erabilgarria da hamaika lantxo diferente egin behar badituzu, baina Herorekin ezin dut erabili, Androiden sortzaileek -arrazoi ilunen bat tarteko- ez baitute Bluetooth bidezko teklatu euskarririk inplementatu sistemaren orain arteko bertsioetan.

Android Keypro driver... edo urrutiko intxaurrak 2 - teknopata.eus

Hori dela eta, sekulako poza hartu dut gaur KeyPro izeneko driverraren berri izan dudanean. Aplikazio txiki bat da, dohainik probatu baina gero erosi egin behar dena, Android-i haririk gabeko hainbat teklaturekin komunikatzeko gaitasuna ematen diona, beti ere teklatuak SPP protokoloa ulertzen badu. Nireak SPP hori baduenez, sekulako poza hartu dut, eta segituan deskargatu dut KeyPro-ren probako bertsioa, etxera ailegatzean teklatua piztu eta probatzeko asmoz.

Programa instalatu, jarraibideak irakurri, haiei jarraitu… eta ezer ez, mila aldiz probatu arren, errore bat eman dit etengabe teklatua bilatzerakoan, eta ezin izan dut erabili.

Desesperatu ostean, softwaregilearen webgunera joan naiz erantzun bila eta, hara! Gaur-gaurkoz, driverra ez dabil HTC Hero, hak daraman Androiden bertsio egokituan ez baitago sartuta driverrak behar duen Bluetooth SPP profilaren euskarria. Hala ere, programadoreek diote ziurtzat jotzen dela Herok Android 2.0 edo 2.1 eguneraketa izango duela laster, eta orduan driverrak funtzionatuko duela. Hala bedi!

Android Keypro driver... edo urrutiko intxaurrak 3 - teknopata.eus

Dena den, berri pozgarriak ere baditut… lagun baten HTC Magicean probatu ahal izan dut sofwtarea, eta ondo-edo dabil. Teklatua konektatzen da, eta idatzi egiten du. Problema bakarra da teklatu disposizio posible bakarrak ingelesezkoa eta alemanierazkoa direla, eta, saltseatu ahal izan dudaneraino behintzat, KeyPro honek ez duela onartzen nire teklatuak azentuak, Ñ-ak eta bestelako karaktere arraroetarako eskaintzen dituen bideak. Hutsune lartxo, akaso, 10$ ordaintzeko- Baina tira, hori Magicdunek konfirmatu beharko didazue.

Enfin, ea eguneraketa hori laster iristen den!

Iruzkin 1

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.