Ben GoldacreBen Goldacre doktoreak ospe handia du Erresuma Batuan, The Guardian egunkarian idazten duen Bad Science (Zientzia txarra) zutabeari esker. Hango irratian eta telebistan ere agertzen da maiz, eta nolabaiteko gudu irekia du hedabideek zientzia albisteek ematen duten moduaren kontra.

Aurrekoan, hausnarketa interesgarria egin zuen Erresuma Batuko egunkari zaharrek formatu digitalera hurbiltzeko darabilten moduari buruz, eta pentsatu dut beharbada oso interesgarria izango litzatekeela hausnarketa hori gure ingurura ekartzea. (Jakinda, noski, euskal esparru komunikatiboak eta Erresuma Batukoak zerikusi handirik ez dutela, era optimista batean esatearren).

“Hamar aholku prentsa zaharrarentzat” da Goldacreren idatziaren izenburua. Nire ingeles prekarioak utzi didan neurrian, hona ekarri ditut aholkuok. Baliorik ote dute euskarazko hedabideotan aplikatzeko? Erantzunak eskertuko lirateke!

1. Ahaztu irakurleen arteko eztabaida linealak. Egunkari nazionala zara, milioika irakurle dituena, artikuluen azpiko iruzkin kateak nahaspilak izango dira beti, komunitatea handiegia delako. Inork ez ditu beste iruzkin guztiak irakurriko eurenak idatzi aurretik eta beraz, ez dago eztabaidarik. Komunitatea hain handia denean ez dago ezagutzak elkartrukatzeko gunerik. Kasurik onenean, eztabaidok ondo funtziona lezakete iruzkin harilkatuekin, edo botoen bidez, Slashdot bezalako komunitate handietan bezala. Iruzkin linealek sekula ezin dute elkarrizketa interesgarririk sortu milioika bisitariko komunitateetan.

Tira, nazionalak gutxi dira euskarazko hedabideen artean… eta milioika irakurle dutenak… ejem… are gutxiago. Hala ere, nik esango nuke gure artean ere oso aplikagarria dela iruzkin hariak elkarrizketa bihurtzeko zailtasun hori. Komunitatea , gure kasuan, txikiegia delako, handiegia baino, eta ezin ikusiak, haserreak eta abarrak hurbilegi izaten ditugulako. Bitxia da, hala ere, nola Goldacrek proposatzen duen irtenbideak (iruzkin bozkatuenak) arrakasta handia lortu duen gure artean.

2. Podcasta eginez gero, ez dadila izan irrati komertzialaren bertsio are merkeagoa. Irrati komertzial txarra badaukagu jadanik. Multimedia merkea da egiten zein banatzen: aprobetxatu hori. Bildu gai batean ezin hobeto jantzita dagoen jendea, adibidez, eta utziezu elkarrizketa luze eta egituratua izaten gai interesgarrien gainean. Ez editatu hori. Edo egin elkarrizketa bat eskura daukazun eta oso interesgarria den norbaiti, zuzenean balitz bezala. Ez editatu hori ere. Inbertitu aurreztu duzun denbora: bilatu jende interesgarri gehiago.

3. Gehitu beste batzuen edukia. Gustagarria da munduaren ikuspegi koherentea aurkezten duen egunkaria, eta ikuspegi hori beste egunkari, aldizkari, blog eta abarretatik egiten duzun aukeraketan ere ikusten da. Ez idatzi blog sarrera luzeak artikulu horiei buruz zer pentsatzen duzun azalduz: haiekiko lotura baino ez jarri. Badakigu irakurtzen. Ulertuko dugu. Jarri bat baino gehiago: utzi zure idazle edo editore onenei erakusten zer irakurtzen duten.

4. Espazio arazoengatik ez balitz, paperezkoan egon litekeen edozer aurkituz gero zure webgunean, ezabatu berehala. Webgunea ez da paperezkoaren bigarren mailako edukiarentzako lekua. Ona izan arren, oso jende jakin batentzat bakarrik interesa duten gaientzat da. Eman xehetasun eta hizkuntza ilun gehiago. Nahi baduzu, egin loturak azalpen errazetara. Utzi ekonomiako morroiari luzatzen zuk erabat aspergarri deritzozun ekonomia konturen batean. Berak bere publikoa ezagutzen du, eta oraingoan asmatzen ez badu, inor ez da arduratuko.

Honen arabera, euskal prentsak akats larriak egiten ditu digitalen tratamenduan. Askotan erabiltzen da webgunea paperean sartzeko lekurik ez dagoen edukiak argitaratzeko… eta batzuetan nahita, edizio digitala sustatzeko asmoz (Aikor, Anboto…). Beste batzuetan, ordea, bereizketa argia egiten da paperezko edizioaren eta digitalaren edukien artean, eta praktikan izena konpartitzen duten bi hedabide ezberdin dira (Baleike, Uztarria). Eredu mistoak ere badira. Edizio espezializatuak ateratzeko erabili beharko genuke sarea? Hori ez al doa betiko “sarea irakurtzeko ezerosoa da eta hobe da ahalik eta laburren idaztea” gomendioaren kontra?

5. Kontratatu editore gehiago, eta kazetari gutxiago. Webgunen honen mezua da kazetariak ez direla onak adituen jakintzaren eta ulermenaren bitartekari lanetan. Hori beharrean, eman bitartekaririk gabeko esperientzia. Ez idatzi adituari buruz: utzi adituari zuretzat idazten, eta editoreari irakurgarriago egiten, hala behar bada. Hedabide inprimatuen gudari ezezagunak editoreak dira, ez kazetariak. Kontuan hartu: izar bat ez bazara, ez zaigu inporta “profesional baten moduan” idatz dezakezula pentsatzen duzun. Sarean, gaien inguruan benetan dakien jendearengana iritsi ahal gara zuzenean, eta horiek, normalean, ondo idazten dute. Hurbil gaitzazu horiengana, edo gu joango gara haien bila, zu gabe.

Editore eta kazetarien arteko bereizketa horrek gogora ekarri dit Iban Arantzabalen sarrera hau. Goldacre hau zientzialaria da berez, eta nekatu samar omen dago kazetariok zientzia informazioari ematen diogun trataerarekin… ezinezkoa dela ulertzen ez dugula ondo azaltzea eta halakoak. Baina zientzalariek beraiek nahi/ahal dute egiten dabiltzana zientziaz ez dakigunoi azaldu?

6. Frikientzat ari zara lanean: eskaini ondo antolatutako informazio jarioak (RSS edo hobeak). Argiñanok sukaldaritzaren inguruan idazten duen hurrengoan, berehala jakin nahi dut. Esadazu noiz egiten duen, eta zure gunera itzuliko naiz… eta horrek dirua ematen du publizitatean.

7. Bota erregistratze barrera guztiak. Ia ez dago zertan esan. Niretzat ez zara hain garrantzitsua, zure artikulu bat irakurri nahi dudalako soilik nire denbora galtzeko erregistro orri bat betetzen. Bugmenot erabiltzeko aukera erabil nezake; tontoegi jartzen bazara, ez dut zure orria irakurriko eta kitto.

8. Moldatu zure eduki guztiak sakelako telefonoetan, blackberryetan, ordenagailu zaharretan eta PDAtan irakurgarri izateko. Ez dakizu zenbat jendek erabiltzen dituen horiek. Ez dakizu zenbat aspertzen diren bus geltokian, komunean edota bileretan. Eman zure eduki guztia testu formatu sinple batean, pantaila txikietan ikusteko moduan. Horrek, gainera, zure webgunea irisgarriago egingo du ezintasunen bat dutenentzat. Baina ez egin azpigune berezi bat horretarako, gune nagusiaren eduki osoaren hamarren bat daukana. 1998 aspaldi igaro zen, eta dagoeneko inork ez du WAP erabiltzen. Egia esan, inork ez du sekula erabili. WAP kaka bat zen.

9. Ez erabili flash, ez webguneentzako bestelako animazio sistema zentzugaberik. Oso polita ikusten da programatzailearen portatilean proiektua erakustera datorrenean, baina geldoa da kargatzen, eta amorragarria nabigatzean. Web orriaren azal nagusitik orri mordo bat zabaltzea eta gero ctrl+tabekin haien artean saltoka ibiltzea da egunkari bat gainetik irakurtzearen gaur egungo baliokidea. Zure guneak ez badit hori egiten uzten, eta orriak banan-banan ikustera behartzen banau, alde egingo dut.

10. Bideo produkzioak ez luke behar izango zure praketako poltsikoan sartzeko handiegia den gailurik. Irudiak hiru hazbete inguruko tamaina izango du nire pantailan. Zure taldeko baten batek “produkzio ekipamendua” hitzak erabiltzen baditu, akabatu ezazu. Sekula ez kontratatu telebistako inor. Ez dakite nola lagundu: haiek dira arazoa, eta guk telebistara beharrean zure hedabidera jotzearen arrazoia. Kontzentratu ideietan.

6 erantzun

  1. Txopi 2007(e)ko irailak 10
  2. joxe 2007(e)ko irailak 11
  3. Txopi 2007(e)ko irailak 11
  4. joxe 2007(e)ko irailak 13
  5. Txopi 2007(e)ko irailak 13
  6. Joxe 2007(e)ko irailak 13

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.